XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Noski, badute beren araberako arrazoirik, ez bait dituzte aiton-amonak ere horrela hitzegiten entzun.

Gizakiok mila edo bostehun urtetako bizia bagenu, lurralde latineztatu eta gaztelaniaztatutako euskal gizonaren memorian gordeko zen hau dena; historia zintzo erakutsi izan baligute, orobat, memoria hori eskolatik zetorkigukeen; baina zintzotasun historikoa ez da eskolara ere iritsi, eta hori larria da.

Unibertsitatera ezin izan du iritsi, ez bait dugu gure lurraldean unibertsitate ofizialik, gaztelaniazkorik ere, izan.

Eta kanpoan, Estatu Espainoleko unibertsitatean ez da euskal linguistikarik explikatu izan.

Honela dago, gero, espainolen eritzia: ulertzen ez duen eta uler ez dezakeen euskal arazoa-ren aurka.

Eta honela, ez 1.000, ez 500, ez 300, 200 eta batzutan 100 urteko bizia ere ez duten euskaldunak, memoriarik gabe geratu dira.

Baina memoria faltsuak, antimemoriak, bere herrikoa ez den hizkuntza hartu duen euskaldunaren hizkuntza berri horrek, horrek badirau.

Bere hizkuntza zena, eskolako bizian galdu du.

Eta planteamendu bat sortzen da: hizkuntzaren memoria galdua bada, zertara dator berreskuratu-nahi hori?.

Bere herriko hizkuntzaren berreskuratu-nahia edo nahieza, noski, euskaldunaren eskutan dago.

Nahi duen ala ez, hor dago koska.

Baina borondate hori edozein aldetara zintzoki gauzatzeko, euskaldunak ongi informatua egon behar du lehenik.

Isilune errudunen inertziak eta antiinformazioak euskalduna ez dela existitu dio: ez bere historian ez eta bere mintzairan ere; eta aipatu izan denean ere baserritar talojalearen gisa eta ipuin antza aipatu izan da.

Eta memoria historiko horri noiz agortzen zaio epea?.

Euskaldunak erabaki behar du hau, eta bere gisa.

Lehendabizi, izkutatu izan zaion egia ezagutu behar du, eta gero berak jakingo du nola jokatu: Irlandarren erara, inglesaren askatasun batez ados, inperioaren hizkuntzaz bat; finlandiarren erara, Suediaren aurka beren nortasun linguistikoa eskatuz; Algeriaren erara, kolonialismo linguistiko eta ekonomikotik irtenez; edo israeldarren erara.

Beren hizkuntza aspaldi ala geroxeago galdu duten euskal lur hauentzat, ezin du denborak aitzakia izan.

Jakin beharrekoa zera da: zein bide, molde eta segaz moztu izan zaigun mihina gure lur hauetan, eta zein garaitan.

Asmatuko du gero euskaldunak bere arbasoen, gurasoen eta familiakoen hizkuntza izanarekin zer egin: ikusiko du berari eskolan ebaki zioten eta berak, mihingabe horrek, bere semeari utzi nahi diezaionarekin zer egin: honela, azkenik, bere herriaren memoria berreskuratzen has daiteke.